XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), beste irakasle ospatsu baten bideak barna io zun Platon'ek: Parmenide, Elea'ko irakasle bizkorraren bideetan barna, ain zuzen ere.

Platon iaio baiño menderdi lenago ortxe-antxe, ta Sokarte gazte gordin zalarik, Parmenide Atenairatu zan, ta ango iaiburuetan, ain zuzen ere.

Parmenide irurogei ta bost urteko gizona omen zan, Platon beraren aitorrez .

Bere bide-lagun Elea'ko Zenon ikasle mamitsua omen zun: erakusmeneko gizon eder-eder ta atsegin atsegin onek, gizabidean ibiltzen bazekin, noski.

Elade'ko gizon azkarraren berebiziko eredua, benetan.

Berrogei urte besterik ez zitun, ta garai artakoen iritziz, garerdiko gizona ez zan oraindik, gazte gordiña baizik.

Gizontasuna, ordea, eztago gaztezarrean, esan oi danez.

Dagoneko entzute andiko gizona zan Zenon azkarra.

Gaztea izanik, antzetsua baitzan benetan zirtolari hura, ta zimardikak iaulkitzen mutilla.

Zearka ta bidez beste aldeztu zun Parmenide'ren irakatsia, ab absurdo, alegia.

Irakasleari orpoz orpo zerraion ikasleak.

Atze bete gazte-taldeekin zebilen Zenon, non-naiko gazteei atsegin bait-zaie elexuriketan ari izatea.

Egia esan, Zenon'ek motz ta zorrotz egiten zitun korapillo-matazak arilketan, entzule bizkor atzarriak burmuiñak urtu bearrean ari ziran, eta txil egiten zuten azkenik.

Ez da arritzekorik.

Aristotel, Leibnitz, Newton ta.a. darda gaiñean ibilliak baititu, arrezkero.

Izan ere, gure adimena argala bait-da.

Gauza berberaxe bat eta bestea, berdiña ta ezberdiña, egonean eta ibilian ari zala egiztatu nai bait-zun Zenon'ek.

Zenon'en berri Platon'ek azaltzen digu bere Parmenide elkar-izketa iakingarrian.

Besterik ere badugu: itz-lauz Zenon'ek berak ondu zun lanaren zenbait atalek iraun dute gureganaño.

Aren irakatsien zain eta muiña auxe bide duzu: ikusi edo somatzen ditugun gertariak berez-bere dirala esatea ezinkizun litzake erabat.

Begiz ikusiak edo belarriz entzunak egiarik ba ote lezake?.

Buruz ta adimenez egiztatu-eziña dugu, beintzat.

Gertaririk argi ta garbienak oiñarritzat arturik, orixe irakatsi zun, edota, ala uste edo uste-iduri zun, beintzat.

Ustea, ordea, ez da iakitea, erdia ustela izan oi bait-da.

Ibilli dabillena non-nai arki dezakezu: itsasoko olatuak barna doan txaluparen brankari begira ezaiozu.

Erakleito'ren ikaslea besterik ez dala Zenon uste izango duzu, nonbait.

Aren orpoz-orpo doala, alegia.

Erakleito baiño urrutiago doa Zenon, ordea.

Dana ibilliz ibili dabil: demagun.

Zerbait ibiltzea, ordea, ezinkizun dugu.

Ibillean ibilenari begira iarri gaitezen: ez-ari ez-arian, egonean dagola begitanduko zaigu.

Ez al da bitxia?.

Ibilli dabillena alderik alde dabil.

Zeatzago esan.

Alde bateko tinirik tini dabil.

Tarte bateko tinirik tini, alegia, ta ala muga-bageko tai-bageraño.

Eztago norarik.

Ortik dator beraz, egonean egotea.

Beti ibilli dabillena betiko egonean billakatzen da.

Adibidez, etenbage arian ari dan ekaitz-erauntsia, goitik beraño erortzen dan dorrea, uztaiak iaurtitako gezi beldurgarria, adimen utsaren begiz egonean egon daudela begiztatzen zaizkigu.

Arrezkero turtube astiroa, naiz-ta geldien dabillen aberea izan, Akileu oin-arin bizkorrenak ezin lezake atzeman ahal.

Demagun: turtubeak irten zun tokira, Akileu elduko ba'litz, beste nonbait litzake turtubea, ta gero, Akileu bertara eldu baikoz, turtubea beste nonbait litzake, ta onela gertatuko litzake beti.

Dana dala, adimen utsez ezin adierazi diteke nolatan atzeman lezaken.

Onelako amaika igarkizun bazitun Zenon'ek.

Ale-zorro batek, lurrera erortzean, zaratarik aterako al luke, ale batek eta bakoitzak zaratarik aterazten ez dun ezkero?.

Areago oraindik; ibilli dabillen zerbait nola gelditu diteke? Igikuna bera nola geldierazi diteke? Nola asi liteke?.

Igikunik ez da, arrezkero, edota, utsa da, ta iaun ta iabe dirudina, utsa da, naiz ta ahal aundiko zerbait iduri izan.

Ikusi ditekena ta ezin ikusi ditekena, egia ta gezurra bi dituzu erabat.

Ageri danez, bular-sendoa, arnasa ona, gerri biguina ta beso biziak zitun Zenon'ek, adimenaren lurrak oro txistean nai zirrian laiatzeko.

Aren aoari maltzurkeria zerion eta aren mingaiñak zimarkuak apaintzen zitun.

Uste ustebagean ateraldi zorrotzak adierazten ez baitzan aketza.

Iakintzaren landarea erroz-gora ta zain-itzuli ta aizebolada gotorrak tutorretik atera zorian iarri zun Zenon'en eragitez.

Ondamena sostean etorri zitzaieken gizonei ta nora bage lur-iota bat-batean lotu zitezken.

Bearrik, iakite sendoaren su-txingarrak auspean zirauten, eta goriki aizatuko zitun Aristotel'ek ta geroago Akino'ko Toma gurenak.

Elade'ko zenbait gizon birtxin, sakerre ta itz-ontziek giza-adimenaren osasun eta osotasuna lorrindu zezaketen.

Oraindik, ordea, iakintza pizoialetan zegon.

Geroago, garako emakumea egitean, orribiko eginda agertuko zaigu, baitik bat, Aristotel'en garaian.

Zenon'en garaian, ordea, giza-gogoari biurriki kuku-egiten dizkion benetako korapillo zaillak edo, zimardika utsak, gazte azkar aren itzetan eze sortzen ziran.

Aldi, alde ta gaiaren inguruan eraiki oi diran auziak ere gordin eta iori iaulkitzen zitun gazte lotsagabe ark.

Alabañan, magalpeko ikaslearen ekiñaldi arroak on aundia egin zion Parmenide'ren irakatsiari, zer-dana baizik ezpaitzun onartzen onek.

Igikunik ez izanik, atiñez ikasi dezakeguna orobat ezabatua zun.

Zer-danak margorik ez du, ezta tankerarik ere, ta aztatu eziña da.

(To eon, what is, das Seiende, ce qui est, zer-dana).

Iñorengandik ikasia zun Parmenidek asmo au, naiz ta gero bere egin erabat.

Xenopane'gandik, alegia, Iaungoiko aunitz iauresten zituten garai artako eladetarrek.

Erritarrok bere esanetara erakarri nairik beuren gogoko ta antzeko iaungoikoak sorterazten zitutela esaten zien: iainko oiek gizakume utsak omen ziran, edo gizakumeak iduri ziran.

Bere-onelaxe, zakurrek edo zaldiek zeruetara begira al izango ba'lute, bertan zakur baten, edo zaldi baten irudia egotziko lukete.

Iaungoikoa eztago emen edo or, Iaungoikoak ez du lenik edo oraiñik.

Alde ta aldiaren mugak oro gainditu bear ditugu, baita gure oldozpen guzien mugak ere, Iaungoikoa azaltzeko.

Bera ba-da, alde ta aldi osoaren barna.

Mugatua ta mugatu bagea, iduria ta izana, balizkakoa ta noraezekoa, aldikoa ta betikoa bi dira, izan ere.

Arrezkero, alde ta aldiakin ezin diteke bat egin Iaungoikoa.

Benetako izatea Berak soil-soillik du, ta Bera, non-nai ta noiz-nai da.

Ba-dala badakigu, zer dan esatea baiño errezago da zer ez danik esatea.

Bein zakur bat iotzen ari zan Pitagora-zale bateri auxe esan omen zion, aren lepotik parre egitearren: Ez ezazu io, adiskide laztan baten gogoa da-ta.

Xenopane'ren ikasle izana zan Parmenide, Iesukisto'ren aurreko 540'garren urtean Elea'n iaioa zan.

Elea'ko iakintzale-ikasguaren adierazle oberena bide duzu.

Irakasle zurrian, Elea'ko irakatsiak oro batu ta tankeratu zizkizun eta bikainki egin ere.

Adimenez, sakon ta zorrotz, ta, gogoz, zindo ta aitorseme izan zan: Parmenide bezela bizi izan da esaten zan eladetarren artean, norbait goraipatzeko.

Parmenide'k bere aburuak iz-neurtuetan ondu zitun; ontan, aldiz aurrena dugu.

Lenagokoek iz-lauz azaldu zituten beren asmoak, Anaximander'ek, Anaximena'k, Erakleito'k t.a..

Parmenide'k ta Enpedokle'k idatzi zuten iz neurtuetan.

Zabalerik zabalera gauzak ikusten ditugu ludian barrena: oro nahas mahas, alegia.

Gauzok iakintzaleak lerro-lerro iarri nai lituke, nolabaiteko batasunean batez beste.

Mailla berdiñeko ez izan arren, dana eraz ikusi nai luke.